XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bestalde, elkarrizketaren analisia helburutzat hartzen denean, ikuspuntu estrukturalaz gain, bide pragmatiko batetik abia gaitezke, elkarrizketaren alde funtzionala, hau da, komunikazio prozesuan betetzen duen paper nagusia azalduz.

Dena den, hurbilketa estrukturalak, etnometodologiatik (Garfinkel 1967) eratorritakoak hain zuzen ere, antolaketa eta eraikuntza sozialari buruz ondorioak ateratzen ditu, elkarrekintzaren soziolinguistikak bezala.

Ondorio hauek diskurtsuaren egiturara zuzenduta daude eta ez hainbeste bere osagaien esanahien interpretazio soziolinguistikora.

Diskurtsuaren analisirako berezi ditugun ikuspegien artean bi hauek interesatzen zaizkigu batez ere: hizketa-ekintzen hurbilketa eta hurbilketa pragmatikoa.

Hizketa-ekintzen hurbilketak hizkuntza ekintza gisa kontsideratzen du, hau da, hizkuntzaren erabilera zerbait esateaz gain zerbait egitea dela defendatzen du.

Ikuspegi hau diskurtsuaren analisira hedatuz, hizketa-ekintza batek, testuinguruen arabera, izan ditzakeen funtzio ezberdinak aztertuko ditu, hoien interpretaziorako baldintzak mugatuz.

Horrela, esaldi baten bidez hizketa-ekintza bat gauzatzen denean, finkatu egiten da bide batez erantzun bezala onargarriak izan daitezkeen ekintzak.

Hitzen esanahi literala eta emandako testuinguruak interpretazioaren baldintzen ezagutzarekin elkarreragiten dutenean, bai ekintza bat eman dela, bai nolako ekintza eman den, bai ekintza bat baino gehiago eman den ala ez inferentzialki erabaki dezakegu.

Beraz, diskurtsuaren koherentzia ekintzen arteko erlazio funtzional ezberdinetan oinarritzen da testuinguruaren arabera.

Hau da, diskurtsuaren koherentzia ekintzen arteko koherentzian datza.

Dakigunez, Griceren hizkuntzaren filosofiari lotuta agertzen zaigu hizkuntzaren azterketa pragmatikoa.

Griceren irizpide pragmatikoaren arabera, hizkuntza erabiltzerakoan kontribuzio ezberdinen esanahia hiztunen asmo komunikatiboetatik eratortzen da.

Nahiz eta azterketa esaldien mailan burutua izan, hiztunaren jokaera intentzional eta inferentzialek unitate handiagoen analisirako bideak irekitzen dituzte.

Griceren pragmatikak diskurtsuaren koherentziaren berri emateko ezaguna den kooperazio printzipioa eskaintzen digu.

Hiztunaren esanahia komunikazio asmoetan datza eta komunikatzen dena, esandakoa baino gehiago izanik, prozedura inferentzialak aplikatuz berreskura daiteke, hiztunen eta entzuleen kontribuzioek Kooperazio Printzipioak (Grice 1975) suposatzen duen jokaera arrazionala betetzen badute.

Ikuspegi orokor batetik hartuta, hurbilketa guzti hauek helburu zehatz bat dute, alegia, esaldi kate posible guztien artetik diskurtsu bat osatzen dutenak mugatzea, errekurtsu sintaktiko, semantiko eta pragmatikoak erabiliz.

Egia da aportazio gehienak linguistikaren eremutik at eman direla, baina van Dijk 1977-k hauxe dio:

It is in this sense that a linguistic theory of discourse is intended not only as a contribution to linguistics but also as a basis for the study of discourse in other disciplines, thus further advancing the integration of discourse analysis into the general study of language and communication (van Dijk 1977: 13).